XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BERGILI'REN UNAI-KANTAK.

(BUKOLIKAK).

III'gn. UNAI-KANTA
Menalk eta Dameta'rena.

- Iarraipena.

Menalk'ek.- Artaldekorik ezartzen ez nintzake ausartuko; badut etxean aita bat, badut ere amorde donge bat.

Bi-biek, egunero birritan, artaldeak zenbatzen ditute, eta batak edo besteak auntzak ere bai.

Baiña zeorrek ere obeagotzat etsiko duzuna ezarriko dut erokeri bat egin-gogo duzun ezkero, ots, pagozko goporrak, Alkimedon iainkotiarrak landuak: garaikaldean matsondo malgu-errexez inguratu ditu, or-emenka mordoak untz-txurizkaz estalirik.

Erdiunean bi zantzu, Koron, eta... bestea nor ote zan, gizadiarentzat urte-aroak, uztabiltzailearena ta goldari lepomakurrena, alegia, bere zotzez marratu zituna?.

Ez ditut oraindik ezpaiñetara urbildu; gordeta dauzkat.

Dameta'k.- Neretzat ere, Alkimedon'ek berak bi gopor egin zitun, ontzi-belarriak akantu guriz baranoan besarkaturik; erdiunean Orpheu ezarri zun oianetan ibiltari.

Ez ditut oraindik, ezpaiñetaratu, gorderik dauzkat.

Bigantxa ikus ba'zeneza, ordea, etzenuke goporrik goraipatuko.

Menalk'ek.- Gaur iñola ere ez zatzakit itzuriko; noranai iarraituko dizut.

Ala ere, guk erasiak norbaitek entzun bitza: onatx ain zuzen, Palemon.

Gaurgero ez duk iñor zirikatuko akalde orrek, ala ni!.

Dameta'k.- Ekiozu, esatekorik balin ba'duzu; ez nauzu luzakor; ez nabil iñoren igesi.

Auxe bai, Palemon auzo: arreta aundiz entzuiguzu, auzi kaxkarra ezpaita.

Palemon'ek.- Emazute: nonbait ere, belar gurian exerita gaude.

Garai ontan, soroak oro, zugaitzak oro erdi-miñez daude, oianak ostotzen ari dira; oraintxe urtearorik ederrena.

Asi zaite Dameta, eta zu ondoren Menalk.

Aldizka esango dituzute.

Kamenek, aldizkakoak maite.

Dameta'k.- Iobe'gandik bedi asiera, Musek!.

Iobe'k betetzen du oro: ark lurrak lantzen, ari begokio ene abestien ardura ere.

Menalk'ek.- Ni, ordea, Phebu'k maite nau; ene baitan beti arkituko ditu Phebu'k nai lituken emariak, ereñotz eta iakintu gorri leunak.

Dameta'k.- Galatee nexka ariñak alakoak, sagar bat iaurti dit eta sarats artera iges egin du ateman dudaneko.

Menalk'ek.- Neri berriz, oldez datorkit Aminta nere mingarra; gure zakurrek Delie baiño ezagunago dute dagoneko.

Dameta'k.- Eskupean ditut emariak ene kutunarentzat; basa-usoek nun kabiak egiten dituten ikusi baitut.

Menalk'ek.- Nik al dudana egin dut: oian-zugaitzean bildu amar urresagar biali dizkiot aur maiteari; beste batzu igorriko dizkiot biar.

Dameta'k.- Oi zenbat aldiz eta nola Galatee mintzatu zaidan!.

(Itz eder aietatik) zenbait eraman itzatzu, aize, iainkoen belarrietara!.

Menalk'ek.- Neri zer, Aminta, zure biotzean zuk ni ez arbuitzea, basurdeen atzeti zabiltzan bitartean ni xedebak zaitzen baldin banago?.

Dameta'k.- Philide; Iola igor ezadazu, otoi, ene urteguna baita: txekorra nere uztaren ordain lepo-egingo dudanean, zatoz zeori ere.

Menalk'ek.- Beste ezer baiño maiteago dut Philide; alde egin nuenean negar egin baitzun, mintzoa luzatuz esanaz: Agur, agur, Iola eder.

Dameta'k.- Kaltegarria otsoa ukulluentzat, euri-iasa uzta-zorituentzat, aizea zugaitzentzat eta guretzat Amarili'ren aserrea.

Menalk'ek- Goxoa, aldiz, ezoa ereintzentzat, gurbiza aume titigetuentzat, sarats biguña ardi ernarientzat, eta neretzat, Aminta soilik.

Dameta'k.- Maite du Poliu'k gure Muse naiz ta basatia izan.

Pieridak, zuen irakurlearentzat bigantxa bat larratu ezazute.

Menalk'ek.- Poliu'k berak ere bertso berriak egiten ditu: adarka dakian eta apatxekin ondarra iñarrosten dun zezena larratu ezazute.